Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioa (gaztelaniaz, Fundación Centro para la Memoria de las Víctimas del Terrorismo (FCMVT)) Estatuko sektore publikoko fundazio bat da, abenduaren 26ko Fundazioen gaineko 50/2002 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Barne Ministeriora atxikita dago eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Fundazioen Erregistroan erregistratu zen, azaroaren 2ko ECD/2398/2015 Ordenaren bidez, 1774. zenbakiarekin. Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legearen 57. artikuluan jasotako aginduaren ondorioz sortu zen Fundazioa, agindu horrek Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazional bat sortzea aurreikusten baitzuen, egoitza Euskadin ezarriz. Aipatu artikuluak honako hau ezartzen du, hitzez hitz: “Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazional bat sortuko du, zeinaren helburua izango baita terrorismoaren biktimek islatzen dituzten balio demokratikoak eta etikoak zaintzea eta zabaltzea, biktimen oroimen kolektiboa eraikitzea eta biztanleria osoa kontzientziatzea, askatasunaren eta giza eskubideen defentsaren alde eta terrorismoaren aurka. Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionalaren egoitza Euskal Autonomia Erkidegoa izango da”.
Legea parlamentuko kontsentsu mailarik handienarekin onartu zen, eta helburua zuen 1960ko urtarrilaren 1aren ondoren erregistratutako terrorismo-adierazpen guztietako biktimak aintzatesteko, errespetatzeko eta haiekiko elkartasuna adierazteko adierazgarri izatea. Agindu hori betetzeko, Ministroen Kontseiluak, 2015eko uztailaren 24an egin zuen bileran, akordio bat hartu zuen Barne Ministerioari baimena emateko Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioa, Oroimen Zentroa moduan ere ezagutzen zena, sor zezan, eta horrela, entitate berriaren estatutuak onartu ziren. Ezarritakoaren arabera, Estatuko sektore publikoko fundazio bat izango zen, Barne Ministeriora atxikitakoa, Espainiako Gobernuko zein autonomia erkidegoetako, Gorte Nagusietako, Vitoria-Gasteizko Udaleko eta terrorismoaren biktimen arteko ordezkariak barne hartuko zituen elkargotutako gobernu-organo bat izango zuena. Osaera horren helburua zen proiektuak hasieratik izan zuen kontsentsu politiko eta sozial handi hori islatzea.
Felipe VI erregea Fundazioaren ohorezko presidentea da, eta Fundazioko Patronatuaren presidentea Gobernuko presidentea da. Guztira hogeita bat patrono dira, eta horietatik hamarrek Estatuko Administrazio Orokorra ordezkatzen dute: Gobernuko presidenteak, Eusko Jaurlaritzatik hiru ordezkarik, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernutik ordezakari batek eta gainerako autonomia erkidego bakoitzetik eta Ceutako eta Melillako Hiri Autonomoetatik ordezkari banak. Egoitza Vitoria-Gasteizen kokatzen da, eta Udal horretako alkatea ere patronoa da; baita Gorte Nagusietako bi kide ere: bat Diputatuen Kongresuak proposatutakoa eta bestea Senatuak. Patronatua terrorismoaren biktimak ordezkatzen dituen bi kiderekin osatzen da. Gainera, biktimek ere parte hartu ahal izan dezaten, onartutako estatutuek Terrorismoaren Biktimen Aholkularitza Kontseilua osatzea aurreikusten dute, proposamenak egite eta aholkularitza emate aldera. 29/2011 Legea sortzeko printzipioek gidatu behar dute Oroimenerako Zentroaren jarduera, eta Zentroaren ekimenak, proiektuak eta jarduerak Lege horretan oinarritu behar dira.
Alde horretatik, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteari buruzko Legearen hitzaurreak honako hau nabarmentzen du: “oroimenaren helburua da bermatzea Espainiako gizarteak eta bere erakunde ordezkariek inoiz ez dituztela ahaztuko bizia galdu zutenak, zauri fisikoak edo psikologikoak jasan zituztenak edo fanatismo terroristaren ondorioz askatasunari uko egin behar izan ziotenak. Horrela, Estatuak terrorismoaren biktimen oroimena babesten du, oroimenaren esanahi politikoari arreta berezia jarriz, eta hori zehazteko, terrorismoak bere proiektu totalitario eta baztertzailea inposatzeko deuseztatu nahi duen oro defendatuko du”. “Biktimei esparru politikoan dagokien garrantzia emateko, gizarteak haiek aitortu behar ditu, eta gainera, biktimak funtsezko tresnatzat hartu behar dira terrorismoari zilegitasun etikoa, soziala eta politikoa kentzeko –Legeak ezartzen duenaren arabera–. Horrela, oroimena justizia-ekintza bat da eta aldi berean, baita zibilizatzeko, balioetan hezteko eta indarkeriaren bidez ideia politikoak inposatzea behin betiko erauzteko ere, indarkeriari gizarte mailan zilegitasuna kenduz.
Legelariek ezarri zutenaren arabera: “Terrorismoaren biktimak erreferentzia etiko bat dira gure sistema demokratikorako, askatasunaren eta Zuzenbide Estatuaren defentsa irudikatzen baitute mehatxu terroristaren aurrean. Botere publikoek egia ezagutarazten lagunduko dute, biktimizazioaren benetako arrazoiei erantzunez eta gertatutakoaren gainean distantziakidetasun moralak edo politikoak, anbiguotasunak edo balio-neutraltasunak saihestuko dituen kontakizuna eginez, argi eta garbi jasoz biktimak eta terroristak existitu zirela, batzuek kalteak jasan zituztela eta beste batzuek kalteak sortu; eta era berean, biktimak babestuta eta errespetatuta sentitzeko moduko emaitza sortuko dute, terrorismoa edo terroristak inola ere justifikatu gabe”. Aurreikuspen legal horiek Oroimen Zentroaren printzipioen esparrua finkatzen dute, eta bere jarduera guztiak printzipio horien arabera gauzatu behar dira eta hala proiektatu behar dira gizartera.
Oroimenaren Zentroaren Estatutuen 3. artikuluak honako hau ezartzen du: “Fundazioaren helburua da Terrorismoaren Biktimak Aintzatesteari eta haiei osoko babesa emateari buruzko irailaren 22ko 29/2011 Legearen 57. artikuluak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala sortzeko aurreikusten duen agindua betearaztea”; eta Fundazioak aipatu 57. artikuluan honako helburu hauek aurreikusten ditu:
- Terrorismoaren biktimek irudikatzen dituzten balio demokratikoak eta etikoak zaintzea eta zabaltzea.
- Biktimen oroimen kolektiboa eraikitzea.
- Biztanleria osoa kontzientziatzea askatasunaren eta giza eskubideen defentsaren alde eta terrorismoaren aurka.
Helburu horiek lortze aldera, Estatutuen 4. artikuluak aipatzen duenaren arabera, Fundazioaren baliabideak honako hauek lortzeko ezarriko dira:
- Sentsibilizazio- eta hezkuntza-jarduerak eta jarduera pedagogikoak.
- Erakusketa-jarduerak, behin betiko erakusketa baten eta aldizkako erakusketen bidez.
- Ikerketa-jarduerak.
- Artxibo-, liburutegi- eta argitalpen-jarduerak.
- Nazio mailako eta nazioarteko hedapen-jarduerak.
Estatutuen artikulu horrek ezartzen duenaren arabera, Oroimen Zentroak behin betiko erakusketa izan beharko du, eta erakusketa horrekin batera aldizkako beste erakusketa batzuk izango dira.